Autoak eta Barbie-ak

Urola Kostako Hitza-ko Letra morez zutabetik:

Din don. Arratsaldeon. Berdin, erantzuna. Seme-alabei opariren bat erosteko asmotan? Bai, begira, nire alaba txikiarentzat Gabonetarako zerbait topatu nahiko nuke. Zer gustatuko zaion ideia handiegirik ez eta, dendariak berak aukeratzeko, seguruenik hobeto asmatuko duela eta. Zer gomendatzen dio? Bada, azken boladan hegazkin maketak oso ongi ari dira saltzen. Ez, ez, bere alaba oso-oso neska da. Ez du makinen pieza eta muntaiak erakartzen.

Jakina, neskei ez zaizkie makinak gustatzen. Neskenak panpinak dira. Ilea orraztu, arropak aldatu, jaten eman… eskuetan duten pertsona irudi hori zaindu behar dute. Edo bestela, sukaldeak, arropa diseinatzeko materiala, makillajea… Ama onak izaten ikasi, etxea eta etxekoak ondo zaindu, hori egin behar dute neskek. Hori erakusten diete, beraz, beren jostailuek.

Erabaki al duzu zer eskatu Gabonetan, seme? Irribarre zabal-zabala: bai, noski erabaki duela. Zer izango ote da? Aita, begira zer ikusi dudan: etxe handi bat, bere altzari guztiekin. Nola etxea? Ez al du nahiago auto azkar bat, traktorea, piraten barku bat edo presondegi baten maketatxoa?

Izan ere, mutilei eskaini behar zaizkienak dira abiadura, eraiki eta birrintzea, borrokak, hil ala biziko abenturak eta antzerako beste hainbat gauza. Lehia, ondokoa menderatzea, azkartasuna, indarra, horiek dira mutikoen ezaugarriak. Eta horiek dira jostailuek eskaintzen dizkieten aukerak.

Gizarte honetan berdintasuna nahi omen dugu gero, eta oraindik ere zaletasun ezberdinak jartzen dizkiogu sexu bakoitzari. Horren ondorioz, neskak erosoago sentiarazten ditugu panpinekin, eta mutilak autoekin. Orduan, nola eskatuko dugu gizonezkoek etxeko lanak egitea eta emakumeak kamioilari izatea? Hori lortzekotan, txiki-txikitatik ohitu behar ditugu haurrak bereizketarik egin gabe jolasten.

Aurreko batean, Egoitz eta Garazi lehengusuak jolasean ari ziren San Agustin parkean. Garazik jostailu batzuk eramanak zituen, eta Egoitzek jostailu haietako bat eskatu zion. Bestearen erantzuna izan zen, ordea, ez zuela mutilen jostailurik. Ba, eman Barbie bat!, esan zion Egoitzek. Garazi harritu egin zen. Baina, mutila zara ordea. Egoitzek lasaitasun guztiz begiratu zion: eta zer?

Post hau Bestelakoak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s