Iturria: Berria
Heterosexual izanik, edo horrelako zerbait, aste honetan irakurritako zenbait berrik ezinegona sortu didate. Gure queer desio guztiak pikutara doaz ekipoak sendotzen doazela, krisi ekonomikoarekin are, bakardade dirugabearen amildegiaren parean jartzen baikaituzte, eta bakoitzak bere solidaritate eremua estutzen du, eskura dugun edozein identitateri atxikirik. Mariano Raxoi prest dago presidentzara iritsiz gero homosexualei ezkontzeko eskubidea kentzeko. Eta hasi dira berriro Matrimonio izenaren inguruko eztabaida ditxosozkoak. Beraz, ni ezkontzen banaiz, kontu materialengatik bada ere, Matrimonioa izena duen klubean sartuko naiz, klub pribatu nahi dutena dirudienez.
Klub pribatuez ari naizela, Facebook-etik profilak ezabatu omen dizkiete Aita Santuak Bartzelonara egiten ari den bisitan egingo duen paseoan musu kolektibo batera dei egin duten lau gazteri; homosexualak. Eta telebistan Silvio Berlusconi ikusi dut, baieztatuz, adingabeko prostituta batekin izaniko harremanaz azalpenak eman beharrean, nahiago duela emakume ederren apasionatu izan, homosexual baino. Izutu naiz, emakume eder izanik gainera, gizon hori nire ekipokoa denez, baina gero lasaitu naiz, aspaldi esan baitzuen emakume ezkertiarrok itsusiak garela. Lasaitu ekipo horretatik kanpo sentitzen banaiz, gehiago emakume izanik, idiota behar nuke birilitate heterosexualaren erreinu horretan bizi nahi banu, ez dut Mariano Raxoiren familia eredua suposatzen duen ezertan egon nahi, beraientzat Matrimonioa, eta sor dezagun eskubide berdintasunaren alde gaudenontzat beste zerbait.
Bihotzez eskertu dut Aita Santuaren bisitaren kontrako musu kolektibora heterosexualak ere deitu izana. Homosexualei eskatzen diet, arren, ez gaitzatela bakarrik utzi.