«Matxismoa ez da izua besterik»

Iturria: Berria


«Genero biolentziaren jatorrian emakumearen gorputzarekiko izua dago», Juana Salabert idazlearen ustez. «Emakumearen gorputza erakargarria da, baina izua ere eragiten du, misterio eta kaos moduan ulerturik. Aspaldiko mendeetakoa da emakumea ordena soziala eralda dezakeen arrisku gisa aurkezten duen iruditeria. Matxismoa ez da izua besterik, eta izua oso arriskutsua da, beldurrak oldarkortasunarekin erreakzionatzen baitu». Ikuspegi horretatik abiatuta aztertu zituen genero biolentziaren eta sormen artistikoaren arteko harremanak Salabertek (Paris, 1962), Otras Rosas Rojas zikloaren barruan, herenegun, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean egindako hitzaldian. Lydie Salvaire idazle eta psikiatra Salabertekin batera mintzatzekoa zen, baina Frantziako sindikatuek deitutako grebak Donostiara etortzea eragotzi zion.

«Emakumearen gorputzarekiko izua ez da atabismo eta inkultura huts». Horren froga da genero biolentzia ez dela soilik gizarteko sektore marjinalenen kontua. «Katedratikoak eta enpresariak ere badira emaztea jipoitzen eta hiltzen dutenen artean».

«Legeek emakumea babestu arren, gure gizartean zerbait gaizki dago», Salaberten ustez, «ez baikara emakume jipoituaren lekuan jartzeko gai, ez baitakigu emakume gisa populazioaren gehiengoarentzat zer garen, zein den gutaz benetan duten irudia. Ezin dugu bestaldera begiratu, pentsatuz genero indarkeriak gurekin zerikusirik ez duela».

Arteak oro har, eta literaturak bereziki, genero biolentziaren gaiari gutxitan heldu izanaren motibo nagusia ere beldurra da, lotsarekin batera. «Ni genero biolentziaren inguruko nobela bat idazten ari naiz, eta asko kostatzen ari zait», aitortu zuen hizlariak. «Ez dut inoiz bizi izan -edo ez dut uste behintzat- genero biolentziako egoera odoltsurik, baina horren inguruko nobela idazten hasi nintzenean berehala etorri zitzaizkidan burura aspaldiko hainbat harremanetan entzundako esaldi umiliagarriak. Armazoi egokia nuen neure burua babesteko, baina armazoi hori ez da aski izaten norbera pixka bat bakarrik eta pixka bat ahul sentitzen denean, harrapari bat horretaz jabetuz gero».

Horrorea, babeslekuan

Zailtasun berezia du tratu txarren horrorea «egunerokotasunaren espazioan» proiektatzeak. «Kartzelako edo kontzentrazio esparrukoa ez bezala, tratu txarraren horrorea txikitatik babeslekutzat hartzen dugun espazioan gertatzen da, etxean. Kartzelako edo kontzentrazio esparruko presoak beren bizitzetatik atera egin dituzte, baina badute nora ihes egin, ahal izanez gero. Tratu txarrak jasaten dituen emakumeak ez du halakorik, eta psikea zirtzilduta duenari oso zaila zaio mundura irtetea».

Jasandakoa kontatzeko lotsa da beste oztopo nabarmen bat. «Askoz ere lotsa handiagoa sentiarazten du etxean jasotako jipoia kontatzeak kartzelako umilazioaren berri emateak baino».

Zaila izanagatik, kontatu beharra dago, Salaberten iritziz, eta arazoari ganoraz aurre egin beharra, orain arteko hutsune nagusiak konponduz. «Hezkuntza huts egiten ari da, eta huts egiten ari da entretenimenduaren industria ere. Nobela arrosa indartu da berriro, bere adierazpen alienante eta matxistenetan, eta baita saileko hiltzaileei buruzko nobelak eta filmak ere. Gizarteak eskubideen arloan aurrera egin ahala, sektore handi bat izutu egiten da, eta era horretako fikzioetan aurkitzen du babesa, oldarkortasunez eta biolentziaz erreakzionatzeaz gain».

Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s