Zu emakumea zara

Uxue Alberdi. Iturria: Berria

Ez ikastolara bata arroxarekin bidaltzen nindutenean; ez amonak «señoritak ez du horrela hitz egin behar» esaten zidanean; ez besapeak depilatzeko beharra sentitu nuenean; ez kuleroetan odol orban bat aurkitu nuenean; ez mutil bat lehenbizikoz gainean jarri zitzaidanean… Ez. Orduan oraindik ez nekien emakumea nintzenik. Orduan oraindik ez nintzen feminista. Orduan oraindik eroso esertzen nintzen munduan niretzat erreserbaturik zegoen aulkian.

Bertsoak lagundu dit munduan deseroso sentitzen. «Bitxia da, eta kilikagarria ere bai, berrogei urte dituzula, tupustean, begietan min egiten dizun eta ordura arte ikusi ere egiten ez zenuen munduaren alderdi bat aurkitzea», idatzi zuen Beauvoirrek. Nik ere tupustean aurkitu dut geografia ezezagun hori.

Puntuei erantzuteko ariketak erakutsi dit ez nautela hezi gauzak pentsatu gabe esateko. Sufritu egiten dut, pentsatzeko bi segundo baino ez ditudala, inork jarritako gaiari erantzuten: nola esango dut uste ez dudan zerbait? Eta gaizki ulertzen bazait? Eta ridikuluan geratzen banaiz? Ikastolan erantzuna ondo nekienean bakarrik altxatzen nuen eskua.

Bertso saioak hasteko garaian ikasi dut ez nautela hezi iniziatiba hartzeko: nahiago bestea hasten bada, nik segiko diot atzetik. Marka dezala besteak bidea; ni moldatuko naiz, sartuko naiz arrastoan.

Agurrek erakutsi didate ez nautela hezi etxetik makillatu gabe irteteko: urduri jartzen naiz saio baten aurretik agurrik ez badaukat. Aurrez pentsatuta behar dut. Etxean erabaki behar dut zer aurpegi erakutsiko diodan publikoari, zein den egun horretan eman nahi dudan irudia, zein den utzi nahi dudan aurreneko inpresioa…

Tabladura igotzeko garaian konturatu naiz ez nautela hezi babesik gabe ibiltzeko: sei bertsolari bagara nekez irtengo naiz lehenengo edo azkenengo. Erdian nahiago, aurretik eta atzetik babestuta.

Kantulaguna hautatzean ohartu naiz, ez nautela hezi ahots autoritarioa izateko. Baserri-auzo hartako bertso-afarirako zergatik deitu nion halako mutili? Eta antzerki-talde hark antolatu zuen saiorako zergatik halako neskari? Zergatik dut batzuetan alboan ahots ar baten beharra?

Zergatik sentitu naiz deseroso albokoarekin teman hasita? Zergatik erosoago antzokian frontoian baino? Zergatik abesten dut gero eta baxuago? Zergatik gustatzen zaizkit gustatzen zaizkidan doinuak? Zergatik izaten dut batzuetan taburete batean eseri, soineko bat jantzi eta hankak gurutzatuta kantatzeko gogoa?

Mikrofonoaren aurrean jartzea «ni hemen nago» esatea da, eta «ni hemen nago» esateak «ni» nor den jartzen du begien aurrean. Ni emakumea naiz, tabladuan eta tabladutik kanpo. Eta nire buruaren bila nabil, tabladuan eta tabladutik kanpo.

Post hau Bestelakoak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s